EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
7. SEKTOREA: BILBO ... DONOSTIA AIZKARDI Mendizale Elkartea
2. ETAPA: DIMA ... BERGARA VILLABONA
     
     
IBILBIDEAREN LABURPENA

Euskal Herriko lurretan, mitologia asko errotu da. Etapa honetan, alde horretatik interesgarriak diren lekuak igaroko ditugu, hasi Balzolako leizeetatik, eta amaitu Udalaitzen gerrian, izaki mitologiko handienetako baten egoitzatik igaroz: Anbotoko Damarenetik. Mendebaldetik ekialdera ibiliko gara, eta, bideko koskak gainditzeko, Bizkaiko, Arabako eta, azkenik, Gipuzkoako mugetako mendi-bizkarretan zehar joango gara. Gipuzkoara sartzeko, Besaide gailur entzutetsu bezain xumea topatuko dugu.

Oharra
Denbora atala ibil-denborei egokiturik dago, atsedenaldiak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia  
         
OLABARRIA Auzunea 260 0 0:00  
Jentilzubi 305 1,0 0:15  
San Lorenzo baseliza 450 2,5 0:40  
Olarretako lepoa 645 5,0 1:10  
Eskuagatx 890 7,0 1:40  
Iturriotzeko lepoa 735 9,0 2:20  
Saibi 942 10,5 2:45  
Urkiolako Santutegia 715 12,0 3:10  
Asuntzako zelaiak 880 15,5 3:50  
Anbotoko bidea 1000 17,0 4:15  
Zabalandi 900 18,5 4:30  
Amilondoko lepoa 730 20,5 5:00  
Durangoko lepoa 650 22,5 5:25  
Besaide 550 24,5 5:50  
Udalaitzeko bidea 530 25,5 6:00  
KANPANZAR 465 29,5 6:50  
         


IBILBIDEAREN LABURPENA
l OLABARRIA Auzunea Altuera : 260m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Balzola naturaz beterik dagoen parajea da, gure mitologiako elezahar askoren sehaska, eta, gaur egun, kirol-eskaladako goi mailako eskola.

San Frantzisko baselizatik abiatuko gara, Olabarria auzotik; hiru kilometro eta erdira dago Dimatik, Otxandiora doan bidean. Asfaltozko pista batean aurrera joango gara Etxebarria auzoraino, non Zamakola errota baitago; baina, baserrietara iritsi aurretik, ezkerrera hartu, zubi txiki batetik erreka zeharkatu, eta asfaltozko pista bati jarraituko diogu, Gibiltar baserrira heldu arte; handik beste bide bat irteten da, baso txiki batean sartzeko. Laster igaroko gara Jentil Zubi izeneko arkuaren azpitik; aspaldiko leize baten hondakinak dira, berez, higadurak egindako lanagatik. Ezin ditugu ikusi, baina, eskuinetara, Urrusten mendiaren hormen azpian, Axlorko aztarnategiak daude; antzina, jentilak bizi omen ziren han. Beste asko bezala, Joxemiel Barandiaranek aurkitu zuen 1932an. Bide zabalean aurrera jarraitu, eta, eskuinetara dagoen bihurgune itxi batean, bidea utzi eta aurrera joko dugu, beste bide txikiago bat hartuta, Balzolako leizera zuzenean iristeko; puntu horretatik, begien bistan dugu. Txundigarria da leizeko sarrera; leizea bi tuneletan zatitua dago; tradizioaren arabera, izaki mitologikoak bizi omen ziren han: Lamiñak eta Sugoi. Gaur egun, hormak eta sabaiak arrastoz beterik daude; eskalatzaile trebeek eginak dira. Leizea utzi, ia jaitsi gabe, ezkerretara zeharkatzen duen bideari jarraituz, eta lehen utzi dugun bidera irtengo gara berriro. Hara heldu aurretik, haitzean sarrera bat ikusiko dugu, ezkerretara, Kobaaundin utzi dugun tunelaren amaieran sartuko bagina bezala. Leizera jaitsi, eta tunelaren azken zatia zeharkatuko dugu, beste aldera irten eta bide txiki bat hartzeko; beste tunel batera eramango gaitu bideak, eta errekasto bat ikusiko dugu bertan; Abaro edo Bei-lekue tunela da. Naturak eginiko leku zoragarri hori zeharkatuko dugu; asma dezakegu zer nolako mugimendu akrobatikoak egiten dituzten eskalatzaileek tunelaren sabaian, grabitatearen legeari aurre eginez.

Tunel horretan amaitzen da Balzolako leizearen miaketa. Zelai batera irten, errekasto bat zeharkatu puntu errazenetik, eta bide zabal bat hartuko dugu (behetik datorrena). Bideari jarraitu, goraka, eta Balzola auzoko lehen etxeetara helduko gara. Handik berehala San Lorentzo baseliza joko dugu; hantxe amaitu genuen aurreko etapa.

Ekialdera dagoen pista zabalean aurrera jarraituko dugu, pinuz inguraturik; tartean-tartean, mendi harritsu batzuk ikusten dira hondoan; Eskuagatx-eko mendiak dira. Punturik altuenak Arrietabaso du izena, eta harantz goaz. Pistak Basabil inguratzen du hegoaldetik, eta ekialderantz jotzen du, bidegurutze batera iritsi arte. Olarreta Mendi-lepoa da; Mañaritik ere joan daiteke hara; puntu horretatik igotzen da Leungane gailurrera eta Aramotz mendira, gure ezkerretara. Aurrera egingo dugu, ekialderantz, Irindiobeitiko iparraldetik inguratuz, beste bidegurutze batere iritsi arte; han ezkerretik jo, eta Ollomendi lepoan ere beste bidegurutze bat topatuko dugu. Ezkerretara, Mañariara jaisten da bidea; guk eskuinera joko dugu, eta berehala gogortuko da malda. Sigi-saga igoko gara, malkarrean gora, iparraldean Leungane eta Mugarra gainak ditugula, eta aldean berebiziko haitz-hormak. Bidea mendi-lepo batean amaitzen da; han, Eskuagatx mendiko gailurrik garrantzitsuenera, Arrietabasora, igotzeko seinalea ikusiko dugu; 15 bat minutura daukagu, mendi honetako zoru karstikoa zeharkatuz.

pESKUAGATX Altuera : 890m Distantzia : 7,0Km Ordutegia : 1h40m

Eskuagatx edo Eskubaratz deitzen diote mendi horri, eta gailur nagusiari Arrietabaso edo Ezkumendi, eta horien guztien jatorria orain gauden Ezkuaga edo Ezkuagatx hau da; zelai berde zabalak ageri dira, zoru karstikoz inguraturik. Paraje hauetan harrapatu zuten Bizkaiko azken hartza, 1871eko abuztuan.

Hegoaldera jo, belarrez estalitako bidean barrena, eta belazeen amaieran aurrera jarraituko dugu, bi gailurren arteko baso batera sartzeko; zorua harritsua da. Ezkerretara, Gorostibakar dugu; eskuinetara, Txumulutxueta. Arrasto urdin batzuk agertuko zaizkigu, eta ibiltzeko erraza ez den bide horretan norabidea erakutsiko digute.Ollomendi lepoa igarota, bidea gora abiatzen da Artzaten barrena. Hara heldu aurretik, seinale batek

Arrietabaso gaina erakusten du; haren gainetik igaro daiteke, baina ibilbide zaila da, eta denbora asko galduko genuke. Artzateren hondoan, harri handi bat ikusiko dugu, eta bertan R.O.1864 idatzia. Aurreratxeago, ezkerretara bide bat utziko dugu; handik Artzateko-atxa lepora igotzen da, Deaburu gailurrerako bidean. Gu, ordea, borda batzuetara igoko gara, eta handik berehala Iturriotz lepora; leku horretan, akelarrea ugari egiten omen zen garai batean; zehazki, Deabrulabarra deritzan haitzartean.

Pista batek inguratzen du Iturriotz bizkarra hegoaldetik, baina bide txiki bat igotzen da bizkarrean gora, bestaldeko leporaino; han topatuko dugu berriro pista. Aurrean, Saibi gailurra dugu, eta hara igoko gara zuzen-zuzen, alanbre-hesiaren ondotik, pista behin eta berriz zeharkatuz, sigi-saga igotzen baita. Malkar gogorra da, baina denbora gutxian egingo ditugu falta zaizkigun 200 metroak, gailurreko gurutze handiraino iristeko.

p SAIBI Altuera : 942m Distantzia : 10,5Km Ordutegia : 2h45m

Gurutze handi bat dago gailurraren gainean, gerra zibilean mendi horren aldeetan hil ziren gudarien omenez; oraindik ere ikus daitezke lubakien aztarnak. Orientazio-mahai batek laguntzen digu urrunean ikusten diren irudiak zein diren jakiten. Iparraldera, Bizkaiko itsasertza eta Urdaibaiko itsasadarra ditugu, Oiz mendiaren atzean (antena eta guzti ageri da). Hegoaldera, berriz, Gorbeia eta Itxina mendiak ikusiko ditugu. Mendebaldetik ekialdera, Aramotz, Eskuagatx eta Anboto mendi harritsuak, eta harago Udalaitz (denen artean Durangaldeko mendiak osatzen dituzte, Durangaldeko Harriak).

Jaisteko, iparraldera dagoen alanbre-hesia zeharkatuko dugu, gailurrean bertan, eta malkarrean behera jaitsiko gara, bide batetik, harik eta Saibi-txiki lepoko pista batera iritsi arte. Pistan aurrera jarraitu, iparraldea inguratuz, eta, leize baten ondotik igarotzean, Urkiolako Santutegia ikusiko dugu; han gara minutu gutxitan.

l URKIOLAKO SANTUTEGIA Altuera : 715m Distantzia : 12,0Km Ordutegia : 3h10m

Urkiolako Santutegia Bizkaiaren eta Arabaren arteko pasabide batean dago, izen bereko gainaren pean (Urkiolagirre), eta berebiziko ikuspegia dago, Anbotoko haitzak nagisi dituela; Untzillatz, Alluitz eta Saibi mendiak ere hortxe daude. Santutegia IX. mendekoa da, San Antonio Abad eta San Anton baselizek osatua. Ahozko tradizioak Paduako San Antonio eransten dio aurrekoari, XIII. mendean, eta handik aurrera erromes gehien biltzen diren leku bihurtu da, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa barne.

Mendebaldera joko dugu, pista batean gora, Urkiolagirre mendiaren hegoaldea inguratuz. 300 bat metroko maila igo behar da gailurreraino, eta hala Asuntzako zelaietara doan pista saihesten da. Handik eskuinera joko dugu, Pol-Pol iturritik igaroz (burdin ura ematen du), Anbotoren igoera hasten den leporaino. Leku mitikoa da Anboto, bertan bizi baita Mari bat, Anbotoko Dama. Anboto alde batera utzi, eta 35 minutuko igoera egingo dugu, seinale batek dioen bezala, eta gero hego-ekialdera jaitsiko gara, pista batera heldu arte; han, ezkerrera joko dugu, eta Zabalandi lepora helduko gara, Izpizteren horma harritsuak aurrean ditugula, eta Anboto bizkarrean. Ekialdera, Udalaitz erraldoia ikusten dugu (ezkerretik inguratu behar dugu). Ekialdera pistaz jarraitu, Izpizteren alde bat inguratuz, Atxondo harana ezkerretara dugula (Arrazola eta Axpera jaisten da handik). Izpiztegarriaga lepora jaitsi, eta ezkerrera joko dugu, Amillondo lepotik igarotzeko, eta handik Tellamendi edo Belamendiko gurutzera igotzen hasiko gara (ederki ikusten da). Gailurrera iritsi baino lehentxeago, ezkerrera bide bat hartuko dugu, eta pagadi sarri batean sartuko gara. Tellamendiren mendebaldea inguratu, eta, gehiago jaitsi gabe, baso itxian aurrera jarraituko dugu, harik eta bestaldean Durango lepora irten arte; gero, pista batean aurrera jarraituko dugu, iparraldean behera, Aramaio haranera. Bihurgune itxi batek (eskuinera) Larrabil edo Angel Kusti lepoa adierazten du, eta Santa Agedako jaitsiera seinalatzen. Ezkerrera jo, Karraskainburu lepoa mendebaldetik inguratzen duen pista bat hartuta, eta, hura zeharkatu ondoren, Besaide gainera helduko gara; hantxe dago oroitarri ospetsua.

pBESAIDE Altuera : 550m Distantzia : 24,5Km Ordutegia : 5h50m

Gain apala da; haren interesgunea da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia lurraldeak biltzen direla bertan. Hori dela eta, Euskal Mendizale Federazioak oroitarri bat eraiki zuen han, mendizaletasunagatik hildakoen oroimenez. Iraileko hirugarren igandean, Euskal Herriko mendizaleak hantxe biltzen dira, mendian hildakoak omentzera. Handik gertu, hego-ekialdera, Udalaitz mendi harritsua ikusten da, bere horma handien irudi ikusgarriarekin. Mendebaldera, Anbotoren ekialdearen ikuspegi txundigarria. Iparraldera, Atxondo bailara eta Elorrio ditugu.

Iparraldera jaitsiko gara, gailurra inguratzen duen pista hartuta, eta Besaide lepora helduko gara; iturri bat dago bertan. Pistan aurrera jarraitu, bidegurutze batera heldu arte; han, iparreko bidea utzi (Elorrioko Iguria auzora baitoa), eta eskuinera jarraituko dugu, Gipuzkoako GR-121 itzuliaren arrasto zuri-gorriei jarraituz. Idatzi batek Udalaitzeko igoera seinalatzen du (1h 30 min); indartsuenak saia daitezke igotzen, gero Kanpanzarrera ekialdeko jaitsiera beldurgarrietan behera jaisteko. Bestaldeko Anboto bezala, mendi horren magalean ere elezahar asko ondo dira; Anbotoko Damak bigarren egoitza hortxe omen zuen, eta ba omen zen abade bat, gainik gain ibiltzen zena, beti ihes egiten zion ehizaren atzetik.

Gipuzkoako itzuliaren bidean aurrera jarraituko dugu, Udalaitzen iparraldea inguratuz. Santa Luzia lepotik igaro, eta beste isurialdera igaroko gara; pixka bat igo, eta Kanpazar gainera jaitsiko gara. Minutu batzuk lehenago, iturri baten ondotik igaroko gara.

lKANPANZAR Altuera : 465m Distantzia : 29,5Km Ordutegia : 6h50m

Gipuzkoako Arrasate eta Bizkaiko Elorrio lotzen dituen mendatea da Kanpanzar; 1775ean ireki zuten, Bilborekin harreman ekonomikoak estutzearren. Espainiako gerra zibilaren garaian, Kanpanzar-Intxorta-Elgetako lubakietan egon ziren euskal indarrak; inguratu egin zituzten, eta ihesi joan behar izan zuten.Elgetan sortu zen 1924ko maiatzaren 18an Euskal-Nafar Alpinismo Federazioa, mendizaleen biltzar handi batean.

Etapa hau Bergaran amai daiteke, beste ordubete gehiago ibilita. Horretarako, Hirutontorreta mendilerroa hartu (Kanpanzarretik ekialdera dago gailurra), eta Bergarako San Prudentziora jaitsi behar da.