EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
5. SEKTOREA: IRUŅEA ... GASTEIZ AIZKARDI Mendizale Elkartea
8. ETAPA: PIPAONA ... BASTIDA VILLABONA
     
     
IBILBIDEAREN LABURPENA


Etapa honetan Kantabria mendien bigarren zatia egingo dugu, Toloño gailurreraino; gailur hori leku estrategikoa izan da eskualde horretako historian, Euskal Herriaren hegoaldeko muga baitzen. Errezila pasabidera bizkor igo eta gero Palomares-en ertza ikusgarria topatuko dugu. Mendi-lerroan mendebalderantz jarraituko dugu, gailurrak igoz edo alde batera utziz, eta pasabide historikoak zeharkatuz (La Herrera eta Ribas), Toloño gailurrera iritsi arte. Bastidara jaisteko, bide interesgarri bat hartuko dugu, antzinako baseliza eta monasterioen hondakinak ikusiz.

Oharra
Ordutegiak ibil-denborei dagozkie, atsedenaldiak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia  
         
PIPAONA 840 0 0:00  
Errezillako Lepoa 1267 3,5 1:05  
Errezilla 1381 4,0 1:20  
Errezillako Lepoa 1267 4,5 1:30  
Zerbera 1385 5,0 1:45  
Vallehermosako Lepoa 1211 7,0 2:30  
Pipaonako Lepoa 1095 9,0 3:10  
La Herrera Mendatea 1100 10,0 3:30  
Ribas Mendatea 945 15,5 4:40  
Toloño 1271 19,5 6:00  
Toloñoko Santutegia 1210 20,0 6:05  
El Humilladero Bazeliza 1060 20,5 6:15  
San Gines Parkea 640 23,0 6:45  
BASTIDA 562 25,0 7:10  
         



IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA
lPIPAONA Altuera : 840m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Pipaonatik abiatuta, Hego-mendebalderantz doan pista hartuko dugu (GR-1 historikoaren bidetik). Aurrerago, eskuinetara, Errezila gailurra ikus dezakegu. Ezkerrera egiten duen bihurgune batean, burdin hesi bat igaroko dugu, eta gora jarraituko dugu, seinale-zutabe bat topatu arte. Han, eskuineko pista hartuko dugu, eta 500 bat metrora bide bat ezkerretara abiatzen da (sarreran harrizko seinale batzuk daude). Bide estuan gora igo (baso itxian), mendebalderantz, eta berriro GR-1 bide zabala topatuko dugu (ezkerretatik sartzen zaigu. Beste burdin hesi bat igaro, eta bidegurutze batera iritsiko gara; han, aterpetxe bat dago, eta El Estillar deritza. Aurrean dugu bide belazetsua utzi, eta eskuinera egingo dugu, hegoalderantz, basoan barna, behetik gora, arrasto zuri-gorrien atzetik; seinale-zutabe baten ondoan beste pista bat topatuko dugu; Errezilla eta Zerbera gailurretara doan bidea adierazten du. Pista zeharkatu, arrasto zuri-gorriak alde batera utzi, eta aurrera joko dugu, bide estu bat hartuta (arrasto gorriz seinalaturik dago); sigi-saga, berehala joaten da gora. Basotik irtetean, zabalgune bat dago; eskuinera harkaitz ba daukagu, Usatxi; izen hori bera ipini dio Pipaonako kultura-elkarte batek museo etnografikoari. Metro batzuk aurrerago, Errezilako lepora iritsiko gara.

][ ERREZILLAKO LEPOA Altuera : 1267m Distantzia : 3,5Km Ordutegia : 1h05m

Arabako mendien eta Ebroko lautadaren arteko pasabide estrategikoa; menditik Biasterira egur-ikatza eta egurra eramateko erabili zuten. Lepo hori Errezila malkartsuaren eta Zerbera leunaren artean dago. Elezahar batek dioenez, Erroldan heroia hantxe egon omen zen kanpatuta, Pipaonako neskatxa bat bahitu ondoren.Lurra landare sarriaz estalia dago; bidezidorretik soilik ibil daiteke. Ekialdera goaz, Harkaitzaren oineraino; harkaitzean egindako bidean gora igoko gara; zatiren batek malda handi samarra du, eta lauoinka ibili beharko dugu batzuetan, gailurrera iritsi ahal izateko.

p ERREZILLA Altuera : 1381m Distantzia : 4,0Km Ordutegia : 1h20m

Gailur honek berebiziko ikuspegia eskaintzen digu ekialderantz, Palomares aldeko mendi malkartsuetara; aurrez aurre, gailurraren mendebaldeko ertza ageri zaigu oso-osorik, behe-behetik hasita. Gailur horrek ederki erakusten du iparraldearen eta hegoaldearen arteko koloreen aldea, mendi-lerro guztiak gertatzen den bezala.Bidean atzera itzuli, eta mendi-lepora itzuliko gara. Aurrera jarraitu, harripilez seinalatutako bidean hartuta, eta laster gara Zerbera gailurrean.

p ZERBERA Altuera : 1385m Distantzia : 5,0Km Ordutegia : 1h45m

Gailurretik, mendebaldera haran bat ikusten dugu, Zerberaren gainaldearen eta iparralderago dagoen harkaitzaren artean. Harana landarez estalia da, eta handik ezin da igaro; haranari poljie de Vallehermosa deitzen diote.

Gainik gain jarraituko dugu; eskuinera haitz artean jarraituko dugu, harkaitz bat jo arte; aurrera ez dago jarraitzerik. Orduan, haranerantz jaitsiko gara, eskuinera, eta mendi-lepo batera iritsiko gara, Zerberaren eta Artesillaren artean; lepoa eskuinaldetik igaroko dugu. Haranetik irtenda, harripila batek eskuinera seinalatzen digu; bidezidor estu bat hartu, sastraka artean, eta beste harkaitz baten oinera iritsiko gara; gero, sastraka handien artean jarraituko dugu 'portillo de Vallehermosa' jo arte.

][ VALLEHERMOSAKO LEPOA Altuera : 1211m Distantzia : 7,0Km Ordutegia : 2h30m

Garai batean Cinco Atajos deitzen zioten paraje honi; gaur egun, ordea, pasabideak erabiltzen ez baitira, sastrakak jan ditu. Mendi-lepotik gertu Castillo de Vallehermosa (1256m) gailurra dago; 10 bat minutuan iritsi daiteke hara. Gailur horretan egon omen zen soldatu talde bat karlistadan. Ertzean zehar bide bat igarotzen da, haitz mutur arriskutsuenak saihestuz; hortik Eskamelo (1292m) gailurrera iritsiko ginateke. Hala ere, gailur horiek alde batera utziko ditugu, eta iparraldeko basoan barna joango gara, oso ondo nabaritzen ez den bidean zehar. Pista batera iritsiko gara, eta ezkerrera igoko gara, Pipaonako mendi-leporaino.

][ PIPAONAKO LEPOA Altuera : 1095m Distantzia : 9,0Km Ordutegia : 3h10m

Pipaona eta Samaniego arteko pasabidea; ehizaleku ugari ikusiko ditugu. Bide zabalean aurrera jarraituko dugu, Matikal (1185m) gailurrerantz (eskuinetara daukagu); antena handiak daude han. Ezkerretara, amildegia daukagu, Balcón de La Rioja deritzana; La Herrerako errepidean bada aparkaleku bat izen horrekin. Bidea basoan barna sartzen da, eta errepidera irteten, La Herrerako mendatera.

][ LA HERRERA MENDATEA Altuera : 1100m Distantzia : 10,0Km Ordutegia : 3h30m

Mendate honek Arabako mendietako Urizaharra herria eta Arabako Errioxako Biasteri lotzen ditu. Elurteetan, aurrenetakoa da itxita geratzen. Mendatetik gertu, San León (1222m) gailurra dago, antena handi bat duela. Bide zabalaren amaieran eskailera batzuk daude, 200 hain zuzen, eta gailurreraino heltzen dira, 15 bat minutuan. Gainik gain Payos eta Cocinas mendietara jarraitzeko oso bide txarra dago.

Beraz, alde batera utziko ditugu bide horiek, eta mendatetik bide zabal bat hartuko dugu, zelai, eta basoan sartuko gara, eskuinetara San Leonera doan bidea dugula. Bidea pago artean aurrera doa, gailurren iparreko aldetik, zelai eta eroso. Eskuinetatik datorren pista bat topatuko dugu. Hura hartu, eta Errioxaren mugatik joango gara; hala diote mugarriek (Arabako Foru Aldundiak ipiniak). Ezkerretara daukagun bidea utzi, Atau lepora baitoa, eta bide zabaletik jarraituko dugu, pagaditik. Azken gailurra inguratuz, Atxabal (1172m), behera egingo dugu. Beste pista bat topatuko dugu, eta harekin pagaditik irtengo gara, portillo de Osluna izeneko parajera (ehizalekuak daude). Behera jarraitu, eta Ribas mendateko errepidera irtengo gara.

][ RIBAS MENDATEA Altuera : 945m Distantzia : 15,5Km Ordutegia : 4h40m

Arabako Urizaharra eta Bastida herriak lotzen dituen mendatea da; tartean Rivas del Tereso errioxar herria dago.Iparraldera igaroko gara; ezkerrera bide zabal bat hartu (arrasto zuri-horiz markatua dago), eta basora sartuko gara. Laster irtengo gara, eta iparraldera, behean, Urizaharra ikusiko dugu. Burdinazko hesi bat igaro, eta pistaz jarraitu ordez bidezidor bat hartuko dugu, bihurguneak saihesteko. Aldapa gogorra igoko dugu, pistaren azken bihurguneraino. Bide estutik jarraituko dugu, pista hartu gabe, eta basoaren ertzetiko joango gara. Aurreraxeago, bidea pagadi batean sartzen da; bide zabalagoa da orain. Aizkorri gailurra inguratzen ari gara, iparraldetik. Bidea pagaditik irten eta beste batean sartzen da, eta gero belaze batera irteten. Aurrean, harkaitz baten ertza ikusiko dugu, Toloño gailurraren zulo bereizgarriarekin.

Aurrera jarraitu, harripilek seinalatutako bidetik, eta, gailurrera igo beharrean, ezkerretik jarraituko dugu, beste baso batean sartzeko. Handik irtetean, haran baten burura irtengo gara, eta basoan gora egingo dugu, gailurraren ertzeraino. Gailurreraino igo, eta erpin geodesikoa ikusiko dugu. Mendebalderago dago Toloño gailurra. Pixka bat jaitsi, belazean, eta gailurreko harkaitzen oinera iritsiko gara; harkaitzean egindako bidean gora igoko gara.

p TOLOÑO Altuera : 1271m Distantzia : 19,5Km Ordutegia : 6h00m

CGailur honek Euskal Herriaren hegoaldeko muga jotzen du. Hemendik behera, Ebrorainoko zelaiak besterik ez dira geratzen, Ebrok bereizten baititu Errioxako eta Euskal Herriko lurrak. Gailur honek ematen dio izena mendi-lerro guztiari (bi etapa behar izan ditugu zeharkatzeko), nahiz eta ezagunagoa izan Kantabria izenarekin. Ekialdera mendi-lerroaren ikuspegi zoragarria daukagu.

Bigarren mailako gailur batzuk daude gailur nagusiaren inguruan. Hegoaldera, belaze zabala dago, eta han Toloñoko Nuestra Señora de los Ángeles Santutegia ikus dezakegu; ondoan, Peña del Castillo (1267m) gailurra dago; Iñigo Arista errege nafarrak gaztelu bat egin zuen bertan VIII. mendean, gaztelarren erasoetatik babesteko. Mendebaldera, Peña de las Doce (1258m) gailurra ikusten dugu, eguerdian (hamabietan) ematen baitio bete-betean eguzkiak.

Igotako bidetik utziko dugu gailurra, hegoalderantz, santutegia dagoen belazeraino. Jeronimoen monasterioa da, XIV. mendean sortua; eguraldi gogorragatik, hutsik utzi zuten XV. mendean. Oraindik ere ikus daitezke horma erdi-erorietan santuen irudiak. Elurzulo bat ere ikusiko dugu, sabaia erorita. Hegoaldera jaisten jarraituko dugu, arrasto zuri-horien atzetik. Asko jaisten ari gara, eta zelai batean gara laster; hormen hondakin batzuk ikusten ditugu, Humilladero baselizarenak; izen hori bera du jaitsi dugun aldapak. Bidea zabalagoa da orain; eskuinera jo, eta irten egingo gara, bidezidor bat hartzeko, mendiaren gerria zeharkatuz, San Ginés baselizarantz; izen bereko parkean dago baseliza, Bastidaren iparrean, muino baten atzean. Denbora gutxian iritsiko gara parke batera, San Gines baselizaren ondora. Hantxe egongo da zain autobusa.

l BASTIDA Altuera : 562m Distantzia : 25,0Km Ordutegia : 7h10m

Toloño mendi-lerroaren eta Ebro ibaiaren bihurguneen artean dagoen herria; historian zehar, Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko borroka asko ezagutu ditu; Arabako Errioxaren mende geratu zen azkenean. Bastida, Tolonio gazteluaren inguruan sortu zen; Iñigo Aristak egin zuen gaztelu hori, eta izen hori eman zion. Gaur egun, ardo eta mahats langintza aberatsa dauka. Oso herri aberatsa izana da mendeetan, eta hori argi ikusten da bertako eraikin eta monumentuetan.