EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
2. SEKTOREA: BAIONA ... DONIBANE GARAZI AIZKARDI Mendizale Elkartea
2. ETAPA: ITSASU ... BIDARRAI VILLABONA
     
     
IBILBIDEAREN LABURPENA


Etapa honetan, hegoaldeko mendizaleek gutxien ezagutzen dituzten lekuak zeharkatuko ditugu; iparraldekoak, aldiz, maiz ibili ohi dira paraje horietan, hain dira ederrak. Planoari jarraitu eta zuzen-zuzen joan beharrean, Mondarrain eta Gorospil mendien gailurretako belazeetan barna ibiliko gara; handik Lapurdiko zelai zabalak ikusiko ditugu. Gero, Artzamendi gailurrera igoko gara atzeko aldetik. Azkenik, Bidarraira jaisteko, haitz eta landare eder artean ibiliko gara, tartean berebiziko amildegiak ikusiz; Itsusia izeneko haitzak dira. Esan bezala, Bidarrain amaituko dugu etapa; artzain herria da, paraje ederrez inguratua.

Oharra
Ordutegiak ibil-denboren araberakoak dira, atsedenak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia  
         
ITSASU 80 0 0:00  
Laxia 40 1,5 0:15  
Atarri 370 3,8 1:00  
Amezketa 476 5,5 1:30  
Zuharteko lepoa 566 6,3 2:00  
Gorospil 701 10,1 2:45  
Arretse lepoa 574 11,3 3:15  
Mehatseko lepoa 718 13,0 3:40  
Artzamendi 926 14,5 4:05  
Mehatseko lepoa 718 16,0 4:25  
Itsusiko Harriak 629 17,5 4:40  
Arpekosaindua 360 19,5 5:45  
BIDARRAI 145 24,0 7:00  
         



IBILBIDEAREN DESKRIPZIOA
lITSASU Altuera : 80m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Etapa Itsasuko elizaren ondoan hasiko dugu; hegoaldera jo, eta Atekagaitzeko haitzarte sakona ikusiko dugu, Errobi ibaiak Laxiatik igarotzean eratua. Hondoan, Artzamendiko gailurra. Bide estu batean zehar auzo polit horretara iritsiko gara; lehen etxeetara iritsi aurretik, azken bihurgunean haitz bat ikusiko dugu ezkerretara, Errobi ibaiaren eta errepidearen tartean. Haitzak zulo bat dauka, eta zulo horri Erroldanen pasabidea deritza. Laxiara hortik igarotzen da; elezaharrek Erroldan indartsuak egindakotzat jotzen du. Erroldan Carlomagnoren agintari-ordea zen, eta pasabide hartatik igaro omen ziren armadarekin Zaragozarantz zihoazela. Ezpatarekin egin omen zuen zuloa; edo, beste elezahar batzuek diotenez, ukabilarekin. Nafarroa guztian, hala Goikoan nola Behekoan, elezahar eta leku asko dira Errolanen izenarekin eta haren indar ikaragarriaren lekuko (harri handiak jaurtitzen omen zituen: Arrolanarri, Errolanarria, Errolanleizea…).

Lehen etxeetara iristean, Artzamendiko gailurra ikusiko dugu hegoaldera, aldapa gogorrarekin, eta Mondarrain gailur konikoa ere bai Hego-mendebaldera, gure eskuinetara. Bien artean, Laxiako amildegi zuhaitzez betea, Bizkarluzeako ur-jauziekin; hantxe gutxi gorabehera omen zegoen otsaleku bat, otsoak harrapatzeko estugune bat alegia. Gaur egun, errepide batek zeharkatzen ditu lur horiek, eta 11 Km daude Artzamendi gailurreraino. Etxeen artera sartu gabe, eskuineko bidea hartu, eta laster pista batera iritsiko gara, eskuinera hura ere, aldapa gogor bati ekiteko, gereziondoen azpitik, mendebalde eta ipar-mendebalde norabidean; Legarre mendilerrotik behera dagoen amildegian barna sigi-saga joan eta bidegurutze batera iritsiko gara: aurrera doana utzi, mendilerrora baitoa zuzen, eta Atarri gailurrera eramango gaituen bidea hartuko dugu.

pATARRI Altuera : 370m Distantzia : 3,9Km Ordutegia : 1h00m

Mondarraingo bidetik pixka bat desbideratze horrek benetan merezi du, Itsasu eta Lapurdiko muinoak ikusteko, oso ederki ikusten baitira handik.

Gailurrik gailur bidezidorrari jarraitu mendebalderantz eta Legarre (349m) mendilerrora iritsiko gara; bidea zeharkatu eta lurrezko pista bat hartuko dugu hegoalderantz, Ezkondrai (550m) gailurrera igotzeko; handik Amezketa (476m) mendilerrora igaroko gara, eta hurrena Mondarrain gainera. Eskuinetara Ezpeletara doan jaitsiera alde batera utzi, eta ezkerretara, hegoaldera, Mondarrain gaina ikusiko dugu. Leku horrek eta aldapa handiak Adarraren antz handia du. Hegoaldera igo eta pagadi batean sartuko gara; pago zahar goroldioz estaliak ikusiko digu. Horrelako basoak zeuden euskal mendietan, artzaintzak indar handia hartu baino lehenago. Baso horretatik gailurreko haitzetara irteten da; eskuinetik joko dugu; hala ere, ezkerretik igotzea ere aukerakoa da, zorua hobeto zein aldetatik dagoen ikusita.

p MONDARRAIN Altuera : 749m Distantzia : 6,4Km Ordutegia : 2h00m

Horixe da lehen gailur garrantzitsua, itsasaldetik hegoalderantz gatozen eran. Ekialdera, Ainhoa eta Sara aldera, berebiziko ikuspegia dago, eta itsasaldera, iparreko zelaietara, zer esanik ez. Izena Arrano-menditik omen datorkio. Paraje horietan ez da ikusten arranorik, Artzamendik baizik; hala ere, Itsusiako haitzetan habia duten saiak noiz edo noiz hurbiltzen dira alde hartara, artalde asko ibiltzen baita inguru haietan. Gailurrean, erromatarrek egindako harresi baten hondakinak ikusiko ditugu; mendien hesi naturalak aprobetxatuz egindakoak dira. Dirudienez, Nafarroako erresumak erabili zituen gerora gotorleku gisa. Ezpeletan bildutako elezaharren arabera, Mondarraingo gaztelutik leize bat abiatzen da, eta herriraino iristen.

Hegoaldera jarraituko dugu, alboko mendilerroraino; mendiaren gerritik Urrezti gailurra inguratuko dugu, bide bati jarraiki, eta handik Zuharte (566m) mendilerrora iritsiko gara. Hantxe topatuko ditugu GR-10 bideko arrasto zuri-gorriak. Haranaren beste aldean Artzamendi ikusiko dugu, eta Mehatse mendilerroa, baina guk Arretse mendilerroa zeharkatu behar dugu, ezkerreko pista hartuta, arrastoei jarraiki, edo, nahi izanez gero, eskuineko muinoetako belazeetan zehar, Bizkarluzen barrena, inguruka, Gorospil (702m) gailurrera iritsi. Mendilerrora iritsi aurretik, Esteben Borda izeneko abeltegiaren ondotik igaroko gara; mendiko aterpea dago bertan. Mendilerroan Laxiara doan bidea topatuko dugu; inguruetan zenbait benta ikusiko ditugu, jatetxe eta guzti, eta autoak ere ugari.GR-10 bideko arrasto zuri-gorriei jarraitu, eskuinera pista bat hartu eta, aurrerago, berriro errepidera irtengo gara, Mehatse aldera bihurgunea hartu aurretik, Iguzkimendi (844m) eta Artzamendi (926m) gailurren artean.

][ MEHATSEKO LEPOA Altuera : 718m Distantzia : 13,1Km Ordutegia : 3h40m

Hiru euskal probintziaren muga dago bertan: Lapurdik, Behe-Nafarroak eta Nafarroak egiten dute muga hantxe. Trikuharri, iruinarri eta mairu-baratzeen arrasto ugari ikusiko dugu; historiaurreko hilerririk interesgarrienetako bat da, nonbait.

Bi aldeetara gertu dauden gailurretako batera igo gaitezke. Gehienetan, Artzamendira igotzeko ohitura dago, 926m-rekin besteak baino garaiagoa baita; handik ikuspegi zabala dago itsasoraino, euskal itsasertzetik Landetako inguruetaraino; gertuko eta urruneko mendi asko ikus daitezke beste alde batetik. Errepidez igo daiteke, edo, bestela, belazean zehar nahiz harri tartean gora. Gailurrean eraikuntza zenbait ikusiko ditugu, antena batzuekin; jendea sartzea debekaturik dago, eta ingurua asko itsusten dute; hala ere, aski da iparrera nahiz mendebaldera begiratzea begiak gozatzeko.

][ MEHATSEKO LEPOA Altuera : 718m Distantzia : 16,0Km Ordutegia : 4h25m

Mendilerroan, ekialdera doazen GR-10 bideko arrastoak utzi, eta hegoaldera doan bide txiki bat hartuko dugu, Itsusiko haitzetako baterantz; Nafarroan gaude, eta ederki ikusten da lurralde hori beherago; 100 bat metro jaitsi, eta Aritzakun haranera jaisten diren 400 metroko amildegi batzuekin egingo dugu topo. Lehen haitza, gainean borda txiki batekin, oso gertu daukagu: Iguzkizelai da, 613m altuerarekin.

p ITSUSIA Altuera : 613m Distantzia : 17,5Km Ordutegia : 4h40m

Itsusiko haitzak ezohiko itxura duten gailurrak dira, landaredi ugari eta hezez inguratuak; inguruetan saien habia ugari dago.Haitz guztiak zeharkatzen dituen bide bat ikusiko dugu. Han barrena joango gara, Espalza (629m) gaineraino, eta handik Martikoenea (625m) gailurreraino. Bidean bista ikusgarriak daude hegoaldera, Aritzakun haranera; alboan Irubelakaskoa era Iparla gainak ikusten dira. Martikoeneara iristean Bidarraira jaisten den harana ikusiko dugu. Iparraldera doan bideari jarraiki, amildegi ertzean, Mehatsen utzi dugun bide arrastodunera iritsiko gara; aldapa malkartsuetan behera jaitsiz, Arpekosaindua leizea topatuko dugu, 360m altueran.

Leize-zulo hori berezia da benetan, ermita bihurtu baitzuten, nahiz eta elizak onartu ez, Joxemiel Barandiaranek dioenez. Leizearen sarreran ezkerretara harrizko eskailera bat doa barrura eta gora, hamar mailarekin; estalagmitaz osaturiko zutabe bat dago bertan, giza itxurakoa; Barandiaranek jasotako elezaharrak dioenez, inguru haietan galdutako neskatila artzain baten irudia omen da. Zutabeari darion izerdia sendagarria omen zela zioten, batik bat azaleko ezkabia eta horrelakoak kentzeko. Jendeak dirua uzten zuen bertan, eta leizeko santaren ohorez argizariak pizten. Gaur oraindik ikusten da diru eta argizaririk.

Leizetik behera joko dugu, bide arrastodunari jarraiki; laster iritsiko gara Arrusia baserrira doan bidera; baserri hori Arpekosainduaren zaintzaile dago. Errepidean barna 3 Km egin eta Infernukozubia izena duen eta Bastan ibaiaren gainean dagoen zubira iritsiko gara. Bidarraitik gertu gaude; bidea utzi, eta ur biltegi batera doan bidea hartuko dugu, antzinako bidarri bat. Bidarrian barrena ekialderantz joango gara, asfaltozko pista bateraino, eta handik Bidarrai erdiraino.

l BIDARRAI Altuera : 145m Distantzia : 24,1Km Ordutegia : 7h00m

Sara ederra zen bere etxe dotoreekin. Bidarrai ez da gutxiago; inguru zoragarriak ditu, artzaintzarako belaze ederrekin, ardi pinportaz beterik. Haraxeago, gailur harritsuak, hormak diruditela, eta haitz-tarte sakonak (Infernukozubia, adibidez). Inguruetako baserri zuriak ere ikustekoak dira.