EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
1. SEKTOREA: DONOSTIA ... BAIONA AIZKARDI Mendizale Elkartea
2. ETAPA: BERA ... SARA VILLABONA
     
     
RESUMEN DEL RECORRIDO

Etapa honetan Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan zehar joango gara. Itsasertzetik gertu dauden mendiek eskaini ohi dituzten ikuspegi zoragarriak gozatzeko aukera ematen du ibilbideak. Beratik abiatu eta Iparraldera joko dugu, Manttale (574m) gaineko banalerroraino; lerro horretan barna, garai bateko kontrabandisten bide eta bentak topatuko ditugu, Larrun (900m) gainera iritsi arte, eta han gainean zer egongo, eta "zibilizazioa", tren geltoki eta guzti. Gailurretik Hiruiturrietara jaitsiko gara; hortik bi aukera ditugu: Sarara jaitsi, edo itsasertz aldeko gailurretatik Senpereraino joan.

Oharra
Ordutegiak ibil-denborei egokiturik daude, atsedenak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia  
         
BERA 0 0 0:00  
Etxeberriko borda 300 2,5 0:35  
Manttale 574 4,5 1:10  
Ibardin 317 6,2 1:35  
Erentzazu 384 6,6 1:45  
Intzola Benta 140 9,6 2:30  
Deskargahandiko lepoa 273 10,7 2:50  
Zubiria gaina 568 12,0 3:25  
Zizkuitza lepoa 705 13,3 3:50  
Larrun gaina 900 14,8 4:15  
Hiruiturrieta 530 16,7 5:00  
SARA 60 21,2 6:15  
         
Hiruiturrieta 530 16,7 5:00  
S. Ignazio lepoa 169 19,6 5:45  
Suhalmendi 301 21,5 6:15  
Mendiondoko borda 180 22,4 6:30  
SENPERE 16 27,0 7:20  
         


DESCRIPCIÓN DEL RECORRIDO
l BERA Altuera : 56m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m

Beran Herriko Etxea plazara igoko gara; hantxe dago S. Esteban eliza. Kalbarioko Errekara doan bidea hartuko dugu, elizaren atzetik barrena, Iparraldera. Eskuineko baserrietara (Elizburueta) doan pista utzita, ezkerraldetik ekingo diogu Marimartinekoborda izeneko bordaraino; han eskuinera bide bat hartu eta baso bateraino joango gara, eta han bidea galtzen da; oso leku itxi bat igarota, pista batera helduko gara; han eskuinera egingo dugu. Goraxeago, beste pista bat topatuko dugu gure eskuineko aldetik; hura hartu, ezkerrera jo, eta bista ederrak ikusiko ditugu, Bidasoako harana eta Aiako Harriak. Gure eskuinetara Illanburuetako gaina ikusiko dugu; guk, ordea, ordekan jarraituko dugu, Etxeberriko Borda izeneko ehiztarien guneraino.

* Basurde ehiza egiteko lekua da. Ehiza garaian, bertakoek ehizaldi handiak antolatzen dituzte. Gune hartara bide asko iristen dira, eta ehiztariak hantxe elkartu ohi dira.Eskuineko pistatik zuzen-zuzen Ibardinera (317m) joaten da; ezkerrekotik, berriz, Kalbario Erreka inguruko muinoen gainetik joaten da. Guk aurreko bidetik joko dugu, Iparraldera, eta berehala borden gainetik igoko gara, eta handik Manttale (574m) gailurrera iritsiko.

pMANTTALE Altuera : 574m Distantzia : 4,5Km Ordutegia : 1h00m

Ibardin gaineko gailurrik handiena da; Xoldokogaña mendigunean dago. Bista ederrak daude handik; alde batetik, Iparraldera, itsasertza, Hondarribiatik Miarritzeraino, Hendaia eta Donibane Lohitzune tartean direla; bestetik, Ekialdera, Larrunera eramango gaituen ertza eta Lapurdiko zelaiak; Mendebalde eta Hegoaldean, Gipuzkoako eta Nafarroako mendiak ikusten dira: Aiako Harriak, Mendaur, Hauza… Gailurrean "Baionetarena" deiturikoaren hondakinak daude, XVIII eta XIX. mendeetako muga-liskarretako babes-hesiak. Bidasoa eta Urdazubi ibaietako uren banalerroan gaude; hortik jarraituko dugu Larruneraino.

Manttale gailurrean arrasto zuri-urdinak ikusiko ditugu; hortik Ibardineko mendatera iritsiko gara. Arrastoei jarraituz, gailurra igaro eta berehala, 3 kromletx edo mairu-baratze aurkituko ditugu, hiruki bat osatzen dutela. Aldapa malkartsuan behera jarraitu eta laster helduko gara Ibardineko mendateko lehen etxeetara; han arrasto zuri-gorriak ikusiko ditugu (Pirinioetan zehar datozenak, GR-10). Errepidean behera jaitsiko gara, benta artetik, mendateraino.

][ IBARDIN Altuera : 317m Distantzia : 6,2Km Ordutegia : 1h35m

Errepideko mendate horrek Nafarroako Bera eta Lapurdiko Urruña lotzen ditu; benta asko ikusiko ditugu Manttaleren altzoan, lerroz lerro; Baionatik bertatik ere ikus daitezke, inguruetako belar berde artean nabarmen ageri baita etxeen zuritasuna. Benta horiek gerraondoan kontrabandistek eginak dira; denetik eros daiteke bertan: anis-edariak, baratxuri sortak "souvenirs" direlakoak…

Arrastoei jarraituz, Urruñara doan errepidean behera 50m jaitsi eta eskuinera bide bat hartuko dugu, Ibardinen gaineko Erentzazuko (384m) belardian zehar. Han banalerroa jarrai dezakegu, eta muinoz muino Intzolako bentaraino jaitsi, baina jaitsiera oso malkartsua da eta hobe da muinoen ertzetik joatea, ezkerretara doazen arrastoei jarraituz, aurrena Ipar-Ekialderantz eta gero Ipar-Mendebalderantz, haraneraino. Eskuinaldera jaisten jarraituko dugu, Hego-Ekialderantz, erreka baten ondotik, baso erre berri batean zehar; hortik Intzolako errekara iritsiko gara, eta han antzinako galtzada erromatarra topatuko dugu. Haran horretan zegoen Oleta eta Bera elkartzen zituen igarobide naturala. Oleta Urruña eta Azkaineren artean dagoen herrixka bat da. Galtzada erromatarrean eskuinera joko dugu, erreka zeharkatu eta gero, eta basoan zehar joango gara, Intzolako bentara iritsi arte; izen bereko errekaren ondoan dago benta hori.

][ INTZOLA BENTA Altuera : 140m Distantzia : 9,6Km Ordutegia : 2h25m

Sara eta Bera lotzen dituen Lizuniagako gainarekin batera, igarobide naturala da hura ere, gerlari eta erromesen ezinbesteko bidea; handixe igaro ziren armadak, alde batera zein bestera, lurraldeak hartzera, eta erlijio nahiz ekonomia topagune izan zen mila urtean zehar.

Arrasto zuri-gorriei jarraituz, erreka zeharkatuko dugu, zubi txiki bat igaroz, eta bide aldapatsu batean gora igoko gara, altuera azkar hartuz. Geroxeago, aldapa arinagoa da; Ladrunarriko gaina inguratuz jarraituko dugu, Deskargahandi (273m) izeneko mendigune zabal batera iritsi arte; hor Trabenia (Oleta) eta Ziburumenditik datozen bideak gurutzatzen dira, Nafarroa aldeko pistak hartzeko. Aurrean Larrun ageri da, berebizikoa, antena eta benta zuriak erakutsiz; hara iristeko, 600 metro igo beharra dago.

Trabeniara doazen GR arrastoak utzi, utzi eskuinetara doan bidea ere, eta aurrera jarraituko dugu, gutxi markaturiko bide batean zehar, harri-pila txiki batzuen atzetik; aurrena, igoera leuna da, baina berehala gogortzen da, Zubiria (568m) mendiaren gerri belartsuan gora; laster gara haren gailurrean; banalerroa hartu eta ez dugu utziko Larrunera arte; gero eta bertago ikusten da. Muino batzuetara jaitsi pixka bat eta berriro gora jarraituko dugu gainez gain, belardia zanpatuz, Larruntxiki harritsuraino iritsi arte. Ezkerraldeko bidetik mendia gerrialdetik inguratu, 600 bat metroko altuerari eutsiz, eta harrietan zizelkaturiko erliebe batzuk aurkituko ditugu, Maurice Abeberryren omenezkoak; Miarritzeko Oldarra dantza-taldeko lehendakaria izan zen eta Frantziako Pilota Federazioaren lehendakaria ere bai; Larrun mendiko malda horietan hil zen 1988an.

Bideari jarraituz, Zizkuitza (705m) muino zabalera iritsiko gara; han autoentzako pista bat ikusiko dugu, Beratik datorrena. Muinotik gailurreraino bidezidorretan barna igo gaitezke, terraza batzuetan zehar, TDF-ko antenaraino. Lasaiago igo nahi izanez gero, pista jarrai dezakegu; gailurra eskuinaldetik inguratzen du, eta berataraino eramango gaitu.

p LARRUN Altuera : 900m Distantzia : 14,8Km Ordutegia : 4h15m

Pirinioetako lehen gailur garrantzitsua da; itsasoari begira dago, eta Pirinioetako uren banalerroa bete-betean hartzen du. Itsasora eta barrualdera bista ederrak daude. Geografiari nahiz mitologiari dagokionez, gune garrantzitsua da; mendi horren magalean biltzeko ohitura zuten inguruetako herrietako sorginek eta aztiek, akelarreak ospatzeko.

Gailur osoa urbanizaturik dago; metro gutxitan era guztietako eraikinak daude: antzinako baseliza bat, Espiritu Santuari eskainitako kapera eta guzti; Eugenia de Montijo 1859 mando gainean igo zenekoa oroitzeko ipini zuten plaka oroigarri bat, kremailera-trenaren amaierako geltokia (Azkaine eta Sara artean dagoen San Inazio mendatetik abiatzen da; 1923an jarri zuten martxan tren hori); benta batzuk ere badaude, eta denetik saltzen dute: alkohol-edariak, "souvenirs" direlakoak, eta abar; komunikazioetako antena handi bat ere badago, telebista kilometro askotara iritsarazten duena; badago, baita ere, orientazio-mahai bat, inguruetako orografia garrantzitsuena seinalatzen duena 360º jiran; handik ikus daiteke Donostia, eta berdin Hazparne, eta mendi asko: Anboto nahiz hasi Pirinioetako gailur garrantzitsuak.

Gailurra utzi, trenaren geltokia ere utzi, eta arrasto berdeei jarraituz joango gara trenbidearen ondoan 200 bat metrotan. Gero aldapa handi bat jaitsiko dugu baso txiki bateraino; hura zeharkatu, eta arrasto zuri-gorriak aurkituko ditugu (GR-10). Eskuinera jo, eta laster iritsiko gara Hiruiturrietako muinoko zabalgune berdera.

][ HIRUITURREITA Altuera : 530m Distantzia : 16,7Km Ordutegia : 5h00m

Trabenia (Oleta), Azkaine eta Saratik datozen bideak elkartzen dira; lurretik hiru iturri jaiotzen dira arku itxuran, eta hortik datorkio izena.Zelaigune horretan, Azkainera doazen bideak ezkerretara utzi eta arrasto zuri-gorriei jarraituko diegu eskuinera, ordekan, kremailera-trenaren burdinbidea zeharkatu eta aldapa handian behera jaitsiko gara. Eskuinetara Urkilako gailurra dago, eta urrunago Sarako harana. GR-10 bideari jarraituz, baserrietara doan bide asfaltatura iritsi, eta errepide nagusira jaitsiko gara; hura zeharkatu, eta Sara herriko erdiguneraino joango gara.

l SARA Altuera : 60m Distantzia : 21,3Km Ordutegia : 6h15m

SARA herri polita da, Euskal Herriko bitxi bat; oraindik eusten dio artzain bizitzaren edertasunari. Denbora luzez kontrabandisten babesleku izan zen, Espainia eta Frantzia arteko muga administratibotik oso gertu baitago, haraino erraz iristeko moduan. Kultura aldetik ere garrantzitsua da, batik bat bi gertaerari esker: alde batetik, Pedro de Agirre "AXULAR" idazlea erretore izan zen herria da; idazle horrek idatzi zuen Gero 1643an, Euskal Literaturako libururik garrantzitsuenetako bat. Bestetik, Saran bizi izan zen Joxemiel Barandiaran, atzerrian egon zen urteetan; aurkikuntza handiak egin zituen garai hartan, besteak beste Sarako arkeologia-ondarea: bost leize-zulo, non bizi izan baitzen Goi Paleolitoko homo sapiens deritzana. Elizako horman ipinitako oroigarrietan bi gizon horien izenak ageri dira.

 

SENPERERA JAISTEKO AUKERA
][ HIRUITURREITA Altuera : 530m Distantzia : 16,7Km Ordutegia : 5h00m

Zelaigunean, ezkerretara nahiz eskuinetara arrasto zuri-gorriekin doazen bide guztiak utzi, eta ezkerraldeko bide estu bat hartuko dugu, ondo seinalatu gabea; arrasto berdeak dauzka, eta GARE ipintzen duen seinale bat, S. Inazio mendatean. Altxangako gailurrera igo gabe, hura inguratuz jarraituko dugu horizontalean, eta Korralhandia izeneko ustezko oilategia aurkituko dugu; Napoleonen garaiko gerra-babesgune bat da.

Handik aldapa handian behera jaitsiko gara, ia seinalerik gabeko bidean barna, Galardiko Errekaren amildegi ertzean. Tren geltokira iristean, trenbidea zeharkatu eta San Inazio mendatera iritsiko gara.

][ SAN INAZIO LEPOA Altuera : 169m Distantzia : 19,6Km Ordutegia : 5h45m

Azkaine eta Sararen arteko muinoa; handik abiatzen da Larrunera doan kremailera-tren txikia; 730 metro igotzen ditu. Tren hori 1923an ipini zuten martxan.

Errepidea zeharkatu eta Sara aldera doana eta haren parean doan beste bat utzi, benten atzean beste bide bat hartu, eta hesi bateraino joango gara; hura igaro, eta arrasto urdin eta laranja eta horiak ikusiko ditugu eskuinetara. Eskuinaldetik jarraituz, muino bat inguratuko dugu belardi bateraino. Pixka batean gora igo, eta arrasto zuri-gorriak topatuko ditugu; haiei jarraituz, gora egingo dugu. Suhalmendiko antena ikusiko dugu aurrez aurre, eta denbora gutxian iritsiko gara gailurrera.

p SUHALMENDI Altuera : 301m Distantzia : 21,5Km Ordutegia : 6h15m

Azkaine eta Senpere gaineko punturik garaiena; itsasertza ikusten da handik, eta Sarako mendiak ere bai.Argindarraren lineari jarraituz, arrasto zuri-gorriak ikusiko ditugu Ekialdera, eta aurrerago pista bat; eskuinera jo eta borda batzuetara iritsiko gara, Mendiondokoborda izenekora hain zuzen. Amotze auzora doazen arrasto zuri-gorriak utzi, eta ezkerraldera, Iparralderantz doan bigarren pista hartuko dugu; arrasto horiak dauzka eta SP-6 ipintzen duen kartel bat. Pistan aurrera joan, zelaian, Hego-Mendebaldera hartu gora, eta berriro jaitsiko gara Iparralderantz, beste pista bateraino, eta handik Senperera iritsiko gara.

l SENPERE Altuera : 16m Distantzia : 27,0Km Ordutegia : 7h20m

Urdazubi ibaia igarotzen da herri horretatik. Lapurdin bereziak diren XVII eta XVIII. mendeetako etxeak ikusten dira bertan, eta Senpereko jauntxoen gaztelua, XII. mendekoa. Interesgarria da, baita ere, XV. mendeko errota, Errotako Plazan dagoena; 1972 arte martxan egona da. Inguruko herri guztietan bezala, Seperen ere sorginkeria salaketak izan ziren bere garaian; gazteluari "Sorginen gaztelua" deitzen diote, han XVII. mendean egin ziren epaiketengatik.

Gaur egun, Senperen ospatzen da urtero Iparraldeko ikastolen eguna, Herri Urrats izenekoa, Ezpeleta bidean 2,5 Km-ra dagoen aintziraren inguruetan.