ARAUTEGIA

 

1. artikulua: AIZKARDIKO IBILALDIA
AIZKARDI Mendizale Elkarteak antolatutako zeharkaldi hau mendian egindako ibilbide herrikoia da, eta kirol- eta kultur-arloko helburuak ditu: mendizaletasuna bultzatzea eta Villabona inguruko leku eta ibilbideak erakustea, betiere natura erabat errespetatuz.
Bi ibilbide prestatuko dira; bata 25. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria izango dena, eta bestea motzagoa, ibilbide erdikoa.
Ibilbide luzean parte hartzeko 14 urte beteak izatea derrigorrezkoa da.

 2. artikulua: ERANTZUKIZUNAK
Parte-hartzaileek garbi izan behar dute zeharkaldi hau mendi-ibilbide bat dela, eta kirol-jarduera horren arriskuak dituela. AIZKARDI Mendi Elkarteak ez du bere gain hartzen parte-hartzaileei ibilbidean edo ibilbidearen ondorioz gertatutako istripuen, galdutako objektuen edo izandako min eta lesioen ardura. Parte-hartzaileek uko egiten diote elkartearen kontra erreklamazioak jartzeari edo indemnizazioak eskatzeari. Mendi-jarduera hau edo gainerakoak egiteko federatuta egotea gomendatzen da.
Elkarteak jarduera hau bertan behera uzteko edo atzeratzeko eskubidea du, eguraldia edo bestelako arrazoiak tarteko.

 3. artikulua: IBILBIDEA
Aizkardiko 57. ibilaldia 2026ko martxoaren 29an egingo da, irteera eta helmuga Villabonan izango direlarik. Ibilbide luzeak 45 Km inguru ditu, Villabona (61m) - Lapurtxulo - Onddo (780m) - Azketa (832m) -Leuneta (880m) - Abadekurutz (984m) - Mandoegi (1.045m) - Kondizatzeko lepoa - Leitzaran - Gorosmendi - Mugaga - Urdelar (858m) - Belabieta - Meaka - Otsabi - Villabona (61m) - Villabona-tik igarotzen delarik, eta 2.700 metroko desnibel gehitua du, HAMAR ORDU ETA ERDI inguruan burutzen dena.

Luzera erdiko ibilbideak berriz, 24 Km inguruko luzera du Villabona (61m) - Otita (Leitzaran) - Lapurtxulo -Astabizkar (575m) - Amasola (Leitzaran) - Praxku - Kanal Haundia - Oinddolar (425m) - Arlagats - Villabona (61m) - Villabona-tik igarotzen delarik, eta 1.200 metro inguruko desnibel gehitua du, SEI ordu inguruan burutzen dena.

 4. artikulua: INFORMAZIOA / IZEN-EMATEA
Informazioa (Martxoaren 1etik aurrera) :
- Telefonoa (lanegunetan 20etatik 21:30tara): 649717182
- email : ibilaldia@aizkardi.com
Izen-ematea :
Izen-ematea DOAKOA da, Martxoaren 1etik aurrera egin ahal izango da eta ondoren azaltzen diren bideak erabiliz egin daiteke:
- Interneteko helbidea: www.zirkuitua.com Martxoaren 1etik 27arte
- AIZKARDI Mendi Elkartearen lokalean, ostegunetan 20:00etatik 21:30etara.
- Ibilaldiaren egunean, Martxoak 29, izen-emateak ez dira onartuko..
Izena emateko behar diren datuak:
- EHNA edo DNI
- Izena eta bi abizen
- Autatutako ibilbidea
- Federatuta zauden ala ez
- K
lubaren izena, derrigorrezko datua, federatuta bazaude
Datu hauen jabeari bere datu pertsonalak EUSKAL MENDIZALE FEDERAZIOAn dagokion fitxategian txertatuko direla jakinarazi zaio, eta EUSKAL MENDIZALE FEDERAZIOAk parte hartzen duen kirol proben berri emateko ekintzetan erabili ahal izango dira, 56.Aizkardiko Ibilaldiko parte-hartzaileen zerrenda ere bertako web orrialdean azalduko delarik. Baimen hori baliogabetu nahi izanez gero, nahikoa da honako helbide honetara jotzea, igorpena eta harrera egiaztatzeko aukera ematen duen edozein bide erabiliz: Euskal Mendizale Federazioa . Anoeta Pasealekua, 7 OF 1. 20014-Donostia-San Sebastián, edo Aizkardi Mendizale Elkartea. Apdo.75. 20150-Villabona.

 5. artikulua: ZERBITZUAK
Elkarteak lokal bat prestatuko du koltxonetekin, bezperan bertan lo egin nahi duten guztientzat.
Zerbitzu hori erabili nahi dutenek, antolakuntzari jakinarazi beharko diote telefonoz edo e-mailez.
Kontsigna serbitzua izango da aldatzeko arropadun poltsa bat bertan utzi nahi duenentzat.
Zeharkaldia bukatzean, parte-hartzaileek udal-dutxak erabili ahal izango dituzte, Villabonako Olaederra Kiroldegian.

 6. artikulua: IRTEERA
Zeharkaldi luzea goizeko SEI TERDIetan hasiko da, eta motza ZORTZIetan. Irteeran txartel pertsonalizatua emango zaio parte-hartzaile bakoitzari, izen-ematearen hurrenkeraren araberako zenbakiarekin. Era mailakatuan emango da irteera, gutxi gorabehera 50 parte-hartzaile minutuko.

 7. artikulua: KONTROLAK
Parte-hartzaileek goian azaldutako ibilbidea egin behar dute, eta derrigor igaro behar dute ezarritako kontroletatik. Kontrol horietan martxa-txartela erakutsi beharko dute, zigilua jartzeko. Kontrolak txartelean adierazitako gutxieneko eta gehieneko denbora-tartean egongo dira zabalik.

 8. artikulua: BALIZAK
Ibilbideak plastikozko zinten bidez markatuta egongo dira. Antolaketako kideek azken parte-hartzailearen atzetik egingo dute ibilbidea, zintak jasoz eta ibilbideari amaiera emanez.

 9. artikulua: HORNIDURA
Parte-hartzaileei jarduera hau egiteko beharrezko diren elikagai eta edariak ekartzea gomendatzen zaie. Antolaketako kideek ura eta gutxieneko hornidura jarriko dute Lapurtxulo, Etzela, Leitzaran eta Mugaga kontroletan. Ibilbidean dauden iturri naturalak: Aitzola (km 14), Urepel (km 22) eta Mugaga (km 33).

 10. artikulua: ERRETIRATZEA
Ibilbidean zehar erretiratzen diren parte-hartzaileek antolaketako kideei eman behar diete txartela, edo bestela 649717182 telefono-zenbakian jakinarazi. Erretiratzeko punturik egokienak Leitzaran eta Gorosmendi dira.


 11. artikulua: BUKAERA
Ibilbidea egiten duten parte-hartzaileei, martxa gehienez HAMAIKA ORDU (Ibilaldi Luzea) eta ZAZPI (Ibilaldi Motza) orduren buruan egin duela ziurtatzen duen martxa-txartela erakutsiz gero, diploma banatuko zaie helmugan.
Arratsaldeko BOSTEtan, beti bezala, mendiko materiala eta laguntzaileak emandako opariak, zozketatuko dira proba amaitu duten eta bertan aurkitzen diren parte-hartzaileen artean.