EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
7. SEKTOREA: BILBO ... DONOSTIA AIZKARDI Mendizale Elkartea
3. ETAPA: BERGARA ... LASTUR VILLABONA
     
     
IBILBIDEAREN LABURPENA

Etapa honetan, Irukurutzetaren lerro osoa igaroko dugu, hegotik iparrera, Azkarate gaineraino; Urola eta Deba haranak bereizten ditu mendilerro horrek. Izarraitzen magalean zehar jarraituko dugu, Lastur haranaren gainetik.

Oharra
Denbora atala ibil-denborei egokiturik dago, atsedenaldiak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia  
         
BERGARA 150 0 0:00  
Irutxaboletako lepoa 394 2,0 0:35  
Elosuako mendatea 681 3,5 1:05  
ITXUMENDI 731 4,0 1:10  
Santutxuko lepoa 610 6,0 1:40  
Atxobasoko lepoa 810 8,0 2:05  
ELOSUMENDI 878 9,0 2:20  
IRUKURUTZETA 899 11,0 2:50  
Zarrikoateko lepoa 530 12,5 3:10  
Azkarateko mendatea 410 14,0 3:30  
Madariaga 525 16,0 4:00  
Orendaingo lepoa 640 18,5 4:40  
Larraskandako lepoa 550 20,0 5:00  
OTARRE 662 21,0 5:15  
Irubixako lepoa 480 22,0 5:25  
LASTUR 150 26,5 6:30  
         


IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA
l BERGARA Altuera : 150m Distantiza : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Oxirondo plazatik abiatuko gara, Bergarako azokaren eta Santa Marina parrokiaren ondotik, herriaren erdirantz, Barrenkale zeharkatuz, udaletxeko plazara heltzeko; Olaso dorretxearen ondotik igaroko gara gero, eta San Pedro parrokiaren atzera hurrena. Han, baratze baten hormen ondotik doan bide bat hartu, eta, errepidera iritsi aurretik, eskuinera joko dugu, harrizko eskailera batzuetan gora doan bideari jarraituz. Eraikuntza baten hondakinetara eramango gaitu bideak, eta handik laster pista bat joko dugu; pistan, ezkerrera eginez, Bergarako hirigune zaharraren gainetik joango gara, eta handik ipar-ekialderantz azken etxeetaraino, Elosua mendatera doan errepidera bidean. Tunel bat igarota, errepidearen gaineko zubi batera helduko gara; bestaldean, bide estu bat basoan barrena sartzen da (eskuinera utzi dugu Lasturrieta baserrira doan bidea). Etxola baten ondotik igarota, bideak gora egiten du, eta eskailera batzuk igoko ditugu. Alanbre-hesi batera iristean, bestaldera igaroko gara; Itsasmendi baserriko lurrak igaro behar ditugu (gure gainean ikusiko dugu baserri hori). Bestaldean, berriro alanbre-hesia igaroko dugu, eta bide zabal zelai batean aurrera jarraitu, pista batera iritsi arte; pista zeharkatu eta bide estu bat hartuko dugu bestaldean. Bidea zelai doa, baso itxian barrena, baina laster hasiko da gora, eta Irutxaboletako lepora igoko gara. Puntu horretan, pisten bidegurutze bat ikusiko dugu.

Ipar-ekialdera gorantz doan pista hartu, eta laster eskuinera bide zabal bat hartu behar dugu. Basoan sartu, eta bideak hegoaldera egiten du, zokogune bat inguratuz, eta berriro ipar-ekialdera jotzen du, errepidera irteteko. Errepidearen bestaldean jarraitzen du bideak, eta Itxumendi gaineko antena aurrez aurre ikus dezakegu; eskuinetara, Gorloako aterpetxea. Laster gara Elosua mendatean; han, gailurreko etxolara doan pista utzi, eta basoaren ertzetik doan bidexka bat hartuko dugu; hortik Itxumendi gailurreraino helduko gara.

pITXUMENDI Altuera : 731m Distantiza : 4,0Km Ordutegia : 1h10m

Irimo-Irukurutzeta mendilerroko gailur apal bat da, baina ederki ikusten da Bergara osoa, eta Udalaitz ere harro ageri da Hirutontorreta mendilerroaren atzean. Gailur horretan, Herri-Irratiaren instalazio tekniko bat dago (1977an bonba batek suntsitua)

Behera abiatuko gara, ipar-ekialdera, pinudi txiki bat zeharkatu, eta alanbre-hesi baten ondotik jaitsiko gara, belazean zehar, Askaburu aisiaguneraino; Altzasu Elkartearen lursailetan dago leku hori. Errepidearen ondoan dagoen Iturriberriko aparkalekuraino jarraitu, eta arrasto PR zuri-horiak ikusiko ditugu, eta haiei jarraituz igoko gara Irukurutzeta gaineraino. Errepidea zeharkatu, eta bide zabala hartuko dugu, Bentoste edo Santutxo lepora iristeko; izen hori hango baselizak ematen dio.

Errepidez jarraituko dugu, eta eskuinera joko dugu lehen bidegurutzean, Sorusaitza gainean dagoen antenaraino doan asfaltozko pista batean aurrera. Pista hori kilometro pare batera utziko dugu, Atxobasoko lepoan, eta eskuinera joko dugu, bide zabal batean aurrera, pagadi itxi batean barrena. Ezkerretara egiten duen bihurgune batean, guk eskuinera joko dugu, Elosumendi gailurrera daraman bidexka bat hartuta.

p ELOSUMENDI Altuera : 878m Distantiza : 9,0Km Ordutegia : 2h20m

Gailur hori basoak estalia dago, eta ez da ezer ikusten. Kerexeta-Goiegia ere deitzen diote; izen hori inguruko iturri batek ematen dio.

Iparralderantz jarraituko dugu, Maurketa lepora jaitsi, eta, Leiopago gaina aurrean utzita, lehen utzi dugun bide zabala topatuko dugu berriro (orain ezkerretik dugu). Bide horretan aurrera, Leiopago mendiaren mendebaldea inguratuko dugu, Kerexetako lepora iristeko; han irtengo gara basotik.

Bidea orain pinudi batera sartzen da, eta gora egiten du, malda gogorrarekin. Azkar hartuko dugu gaina, eta laster gara Irukurutzeta gailurraren inguruko belazeetan.

pIRUKURUTZETA Altuera : 899m Distantiza : 11,0Km Ordutegia : 2h50m

Urola ibaiaren (ekialdean) eta Debaren (mendebaldean) arroak bereizten dituen mendilerroaren gailurrik altuena da. Han lotzen dira Soraluze eta Zumarragatik datozen mendilerrorik garaienak.

Iparraldera jaitsiko gara, bide zabal bat hartzera; laster, bihurgune itxiak egingo ditu bideak; horietako batean, borda batzuen ondoan, ezkerrera beste bide bat hartu behar dugu, pinudi batean behera, malda gogorrean, eta beheragoko pista zabal batera irtengo gara. Beste bihurgune batean (eskuinera egiten du), guk aurrera jarraituko dugu, eta soilgune batera irtengo gara; gurutze bat ikusiko dugu han. Zargoate edo Zarrikoateko lepoan gaude.

Iparraldera, bi bide dauzkagu; ezkerrekotik joko dugu, Muñoa gailurra inguratuz. Laster gara baserri batzuetan, Azkarate gainetik gertu.

][ AZKARATE Altuera : 410m Distantiza : 14,0Km Ordutegia : 3h30m

Mendate horrek lotzen ditu Azkoitia eta Elgoibar errepidez. Lasturrera joateko, Kakutatik ipar-mendebaldera datorren mendilerroa hartu behar dugu. Horretarako, errepidean aurrera egin kilometro pare batean, Madariaga auzoraino, Azkarate eta Urnobitza gainak ezkerretara ditugula (bide aldapatsu bat doa lehen gailur horretaraino), eta Madariagan bidezidor bat hartuko dugu ezkerrera, errepidearen bihurgunea saihesteko; gero, berriz errepidez pixka bat jarraitu, eta berriro bidezidor bat hartuko dugu ezkerrera, basoan barrena; zuhaitz margotuak ikusiko ditugu, Omako baso sorgindukoen antzekoak. Bideak berriro errepidera aterako gaitu, Otarre etxearen ondoan.

Hor, zementuzko pista bat abiatzen da (jaiegunetan jende asko ibiltzen da). Kilometro pare bat handik egin, eta mendi-lepo batera helduko gara; Orendain du izena, eta Ondarrugaña (eskuinetara) eta Atxurrigain (ezkerretara) gailurren artean dago. Pista utzi, eta arrasto zuri-hori batzuk jarraituko ditugu, bide zabal batean behera, iparrerantz. Badirudi bide hori ubide baten ondotik doala. Beste bide zabal batera eramango gaitu; hura ezkerrera hartu, eta Larraskandako lepora helduko gara; han, berriro lehengo pista topatuko dugu (Orendain lepoan utzi duguna).

Mendi-lepo horretara Lasturretik irits daiteke; garai batean igarobide garrantzitsua zen. Hemendik hurbil, Otarre gainera doan bidean, itxitura bitxi bat ikusten da, harri-lausaz egina; haietako batzuk oso handiak dira, metro pare batekoak edo. Otarre gaineraino jarraituko dugu pistan aurrera.

p OTARRE Altuera : 662m Distantiza : 21,0Km Ordutegia : 5h15m

Kakutatik datorren mendilerroaren gailurrik altuena da; lerro horrek bereizten ditu Kilimon errekaren (hegoaldera, Mendarora jaisten da) eta Lasturren haranak; Lastur aldean, urak lur azpian biltzen dira. Gailur belazetsu horren gorenean, gurutze bat ikusiko dugu, eta antena handi bat. Aitz-Beltz izena ere ematen diote, izen bereko leize bat baitago inguruetan.

Mendebalderantz jaitsiko gara, ondoko mendi-leporaino, eta handik bide zabal bat hartuko dugu Irubixako leporaino; bidegurutze bat topatuko dugu, eta handik Lasturko San Nikolas plazaraino joan gaitezke zuzenean. Dena den, jaitsi beharrean, merezi du PR bideari jarraituz Gaintxipixa gailurra inguratzea.

Irubixan, ezkerrera jo, eta bide zabal batean gora abiatuko gara, baserri erre bateraino. Haren atzetik haitzarte batera iritsiko gara. Bestaldean, basoan behera jaitsiko gara, eta berriz gora igoko, Iturriko Zelaia mendi-lepoa jo arte, baserri batean gainaldetik. Eskuinetara dugun gailurrak Gaintxipixa du izena; belazean zehar iristen da bertara. Gero, gaina inguratuko dugu mendebaldetik, Lizarpe leporaino, eta pinu artean jaitsiko gara. Beherago, pagadi batean sartuko gara, eta bidea errepidera irtengo da, Abeletxe baserriaren ondora. Errepidean aurrera (eskuinera 500 metro egin), eta Lasturren sartuko gara.

l LASTUR Altuera : 150m Distantiza : 26,5Km Ordutegia : 6h30m

Debako auzoa da. Andutz mendiaren gerrian dagoen haran txiki karstiko horretan biltzen dira inguruko mendietako urak, lur azpian. Bertako plazan, zezenketak egiteko leku bat dago.