EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
5. SEKTOREA: IRUŅEA ... GASTEIZ AIZKARDI Mendizale Elkartea
1. ETAPA: IRUÑEA ... OLLO VILLABONA
     
     

IBILBIDEAREN LABURPENA


Etapa honetan Iruñerriko soroak zeharkatuko ditugu, Sarbil mendilerro-malkartsuaren oinera iritsi arte; mendi-lerro hori hegoaldetik zeharkatuko dugu, Etxauri gaina hartu arte. Handik, Mortxe gainera igoko gara, eta Ollo haranera jaitsi gero, Artetako iturria bisitatzera.

Oharra
Orduak ibil-denborei dagozkie, atsedenak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia        
               
IRUÑEA - ZIZUR NAGUSIA 472 0 0:00        
Gasolazeko behatokia 513 2,0 0:25        
Ibero 395 9,0 1:40        
Sarbil - Peña Etxauri 1136 16,0 3:50        
Sarbil Zelai 935 18,0 4:20        
Mortxe - Saldise gaina 1123 21,5 5:15        
ULTZURRUN - OLLO 500 27,0 6:30        
               



IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA
lZIZUR NAGUSIA Altuera : 472m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Zizur Nagusia Iruñea inguruan dagoen herri txiki bat da; ibilaldia mendiz hasteko aukera ematen digu.

San Andres elizatik abiatuta, harrobietako bidetik joko dugu, ipar-mendebalderantz; Iruñea inguruko autobidearen gainaldean dagoen pinudira helduko gara. Ardoiko parketik igarota, kirolgune batera iritsiko gara, eta handik aurrera asfaltoa lurrezko pista bihurtuko da. Norabide berean doa bidea, Botutxar deritzana; ehizalekuak ikusiko ditugu eskuinetara, eta ezkerretara, berriz, Perdon mendia. Ardoi eta Arberoki herriak zeharkatuko ditugu, gurutze batera iristeko.

pGASOLAZEKO BEHATOKIA Altuera : 513m Distantzia : 2,0Km Ordutegia : 0h25m

Balkoi txiki bat da, iparraldera dagoen pinudian dagoen suebaki baten gorenean egina; handik Iruñerriaren zati handi bat ikusten da. Ezkerretara, Satrustegi mendi-lerroaren maldak ikus dezakegu, eta aurrean Aralarkoak. Behean, Azazuri herria ageri da, Beaumondarren gazteluarekin, eta gorago Orkoien; eskuinetara, Iruñea.

Gure azpian, parean, Arazuriko ur-araztegia ikus dezakegu; harantz abiatuko gara. Gatozen bideari jarraitu, pixka bat jaitsi eta pinudian barrena bi estu bat segituko dugu, eskuinetara, malkarrean; Gasolaz mendiaren iparraldea zeharkatzen duen pista bat aurkituko dugu; handik eskuinera jo, eta beste pista bat topatuko dugu, ezkerretatik datorrena; hura hartu, eta pixkanaka araztegiraino eramango gaitu, bihurgune handiak eginez. Araztegiaren inguruan dagoen hesiaren ondotiko doan bidean aurrera, sarrerako ateraino iritsiko gara.

Asfaltozko pista bat iristen da araztegiraino, beste aldetik; handik jarraituko dugu. Aurrean, eguneko gailurretako bat ikusiko dugu, Etxauriko edo Sabileko gaina, eta ondokoa, Mortxe, haren eskuinetara. Hamar bat minutuan NA-7010 errepidera iritsiko gara; beste aldera pasatu, eta zementuzko pista bat hartuko dugu; pixkanaka igotzen da pista, soro artean, eskuinera egiten duen bihurgune bateraino. Pista utzi, eta bide belazetsu batean behera jaitsiko gara, beheko soroetara; pinudi batean sartu, eskuinera jo, eta soro baten mugara helduko gara; ezkerrera jarraitu, mugatik, eta abeletxe batera iritsiko gara. Han beste pista bat hartu behar dugu eskuinera. Berehala, Arga ibaia zeharkatuko dugu zubi baten gainetik, eta, pistan barrena, Ibero erdiraino helduko gara.

l IBERO Altuera : 395m Distantzia : 9,0Km Ordutegia : 1h40m

Ibero, Ororbia eta inguruko herriek Olza udalerria osatzen dute; Juslapeña eta Arakil ibaien haranetan daude kokaturik.

Herritik irten, eta Etxaurira doan bidea hartuko dugu; Arakil ibaiaren gaineko zubia zeharkatu, Izkueko bidegurutzea eskuinetara utzi, eta errepidean gora egingo dugu. Errepide horretan trafiko dezente izaten baita, utzi eta ezkerrera jaitsiko gara, hango errota batera, Arakil ibaian dagoen urtegi batera. Errotatik bide bat hartuko dugu eskuinera, eta berriro errepidera irtengo gara, bihurgune batera. Aurrez aurre, pista bat ikusiko dugu, abeletxe batzuetara doana. Errepidea zeharkatu, eta pista hori hartuko dugu.

Iruñerriko zelaiak utzi, eta mendian gora abiatuko gara. Bidegurutzetik gertu, hesi batek eta kartel batek adierazten digute azienda dabilela eta arriskutsua dela. Hesia igaro, eta berehala ezkerrera egingo dugu, gorantz, belazeko bidezidor bat hartuta. Sarbileko mendietara doan biderik ez digu ezerk adierazten. Berriro hesia topatuko dugu, eta mendebalderantz jarraituko dugu, gora eginez pixkanaka. Hesi baten gainetik igaro, ezkerretara bide bat utzi (Etxaurira baitoa), eta gorantz jarraituko dugu, hesi nagusiaren ondotik. Bidean azienda ibiltzen da maiz. Gora goazela, ezkerretara geratzen zaigun lurra gero eta malkartsuagoa da, eskuineko aldearekin konparatuta. Laster, Etxauriko harrobiaren gainera irtengo gara; harri pilak ikusiko ditugu, arrasto gisa. Aurrerago, labar ikusgarriak ikusiko ditugu; beharbada saiak ere ikusiko ditugu. Cantero haitzetara iristen ari gara; horma nagusitik bereizita daude, eta hantxe dago Etxauriko eskalada-eskola ospetsua.

Labar batek inguruka eginaraziko digu, eta baso batean sartzera behartuko; kontuz ibili behar dugu, harri pilen arrastoak galdu gabe. Basotik irtetean, eskaladako hormak atzera utzita, Ziritzatik igotzen bidearen arrastoak ikusiko ditugu; bide hori Ziritzako Mailak deritzen hormen artean igotzen da. Arrastoei jarraituz, eskuinera jo, eta harkaitzean egindako bide bat hartuko dugu, mendi-lepora heldu arte. Santa Krutz baseliza dago Etxauri gailurraren gainean, aurrez aurre. Gailurrera malda belazetsu gogor bat dago.

pSARBIL - PEÑA ETXAURI Altuera : 1136m Distantzia : 16,0Km Ordutegia : 3h50m

Etxauri Gaina eta Sarbil ere deitzen diote. Izen bereko mendi-lerroaren goiko muga da, eta Cabezón ere deitzen diote, hiriburutik begiratuta daukan itxuragatik. Iruñerrira ikuspegi zabala eskaintzen du, alde batetik, eta Goñiko gainak ere ikusten dira, beste aldetik, eta baita Andia, Satrustegi eta Urbasako mendiak ere.

Iparraldean, Mortxe gaina ikus daiteke; harantz abiatuko gara. Behean daukagun Sabil Zelaiko mendi-lepo zabala igaro behar dugu aurrena. Baseliza utzi, eta iparralderantz joko dugu, arrasto zuri-gorriko bide bat hartuta (GR-220, Iruñerria inguratzen duena). Laster, bideak ezkerretara egiten du, eta baso batera sartzen da. Hesi zahar estu bat igaro behar dugu, gailurreko harkaitzen azpitik; pagadi batera sartuko gara, eta han bide zabal bat topatuko dugu; eskuinera joko dugu. Behera eginez, mendi-lepo batera iritsiko gara, eta ezkerretara bihurgunea ikusiko dugu. Eskuinetara, burdinazko hesi handi bat dago, sail baterako sarrera ixten. Sail horretan barrena doazen arrastoak ezabatuta daude. Hesia zeharkatu, eta belazean zehar jarrai dezakegu, beherago dagoen beste hesi bateraino, eta lursail horretatik irten. Hesiaren aldamenetik ere jarrai dezakegu, Itxasorde gaineraino, eta eskuinera jaitsi, belazean behera, borda erori baten ondotik igaroz. Bietara, gure norabideak beti Mortxe aldera egingo du, Sarbil Zelaiko mendi-lepora iritsi arte; argi ikusten da Azantzako telebista-antena, gainean.

][ SARBIL ZELAI Altuera : 935m Distantzia : 18,0Km Ordutegia : 4h20m

Leku horretan, trikuharri bat ikusiko dugu, eta aurrerago, antenaren ondoan, bidea erakusten duen seinale bat, Mortxerako eta Sabilerako geziekin. Berriz ere GR-220ko arrasto zuri-gorriak aurkituko ditugu.

Antenako pistan behera pixka batean jaitsi, eta bidegurutze batera iritsiko gara; han eskuinera joko dugu. Gora egin, eta beste bidegurutze bat topatuko dugu. Han ere eskuinera jo, eta bidea arte eta haritz zaharren artean barneratzen da; putzu batera iritsiko gara. Burdinazko hesi zabal bat ikusiko dugu; hura zeharkatu, eta eskuinetara doan bidea utzita, ezkerretara joko dugu, bide garbirik gabe, baina beti ere arrasto zuri-gorrien atzetik. Mortxe gaina aurrean dugula, belazean zehar jarraituko dugu, gailurrerantz. Iristerakoan, benetako gailurra eskuinerago dagoela konturatuko gara.

p MORTXE - SALDISE Altuera : 1123m Distantzia : 21,5Km Ordutegia : 5h15m

Sarbil mendi-lerroaren iparraldera dagoen gailurra dugu. Mendebaldera, baso bat dago, Ollo haraneraino. Aurrean, Txurregi tontorra ikus dezakegu; hortik hasten da Satrustegi mendi-lerroa. Urrunago, San Donatoren irudia ikusten da.

Hego-mendebalderantz jaitsiko gara, pixka bat atzera eginez, arrasto zuri-gorriak utzita (ipar-ekialderantz baitoaz, Egillor herrira). Gero eta aldapa maldatsuagoa bihurtuko zaigu; hesi bat topatuko dugu, eta, haren albotik joanda, beste aldera igarotzeko unerik onena itxarongo dugu; Ultzurruneko errepidera irtengo bara (beheraxeago ikusten da). Belazean zehar, edo aziendak egindako bidezidorren bati jarraituz, errepideraino jaitsiko gara. Bihurgune batera irtengo gara; bidearen beste aldera pasatu, eta aspaldi mendatera zihoan bidea topatuko dugu han; hura hartu, errepidearen parez pare, eta basoan sartuko gara. Laster, berriro errepidera irtengo gara; beste aldera pasatu, eta orain eskuin aldetik jarraituko dugu; beherago, berriz zeharkatu beharko dugu; bidea zabalagoa egingo zaigu, eta pagadi batean behera jaitsiko gara. Berriro errepidea zeharkatu, eta leku irekiago batetik jarraituko dugu, Mortxetik behera dauden hormetatik gertu, eskuinetatik datorkigun pista bat topatu arte. Ezkerrera jo, eta errepidera irtengo gara berriz, 30. kilometrora. Hor, pista bat eskuinetara irteten da, iturri baten ondoan, harizti batean alboan. Handik jo, beherantz, abeltegi baten ondotik igaro, eta beherago ubideak topatuko ditugu (Artetatik Iruñera ura eramaten dutenak). Hesi bat igaro, eta pista bat hartuta iritsiko gara Ultzurrun herriraino.

lULTZURRUN Altuera : 500m Distantzia : 27,0Km Ordutegia : 6h30m

Ollo haraneko herri txiki bat da; Artetako iturrira daraman errepidearen sarreran dago. Herriaren erdian, parke bat dago, harrizko eserlekuekin, Felix Urabaien idazlearen omenez, herri horretan jaio baitzen.

Merezi du Artetako iturria ikustea, 2 kilometrora; handik hartzen du ura Iruñeak; ubidea 1895 egin zen.