| DESCRIPCIÓN DEL RECORRIDO |
| lBIDARRAI |
Altuera : 145m |
Distantzia : 0,0Km |
Ordutegia : 0h00m |
|
Bidarraiko
plazatik bertatik abiatuko gara. Hegoaldera begiratuta, Iparlako harresia
ikus dezakegu eskuinetara, eta Larlaraino iristen diren aldapa eme belarrez
estaliak, gure ezkerretara. Erdian, Bidarrai eta Baigorri lotzen dituen
harana, Gastigar mendilerroan barna. Plazatik ekialdera abiatuko gara,
Gastigarlepora doan errepidez. Metro batzuetan handik jarraitu eta ezkerrera
joko dugu, auzobide batetik. Laster, berriro ezkerrera beste bide bat
hartu, Larla aldera, eta 100 bat metrora baserri multzo bat ikusiko dugu,
igoera hasten den lekuan. Baserrietara iritsi baino lehentxeago, eskuinera
joko dugu, arrasto horiz markatutako bide bat hartuz.
Gora goaz pixkanaka,
alde banatara dauzkagun haranak ikusiz. Eskuinetara, Iparlako hesi handia,
haran belazetsuko baserrien gainean. Ezkerretara, haran txiki bat daukagu,
Larlaren inguruetaraino; gu goazen ertzarekin bat egingo du. Borda batera
iritsita, Harlepokoborda, 367m altueran, bidea bitan banatzen da; ezkerretara,
Arrosara doa, Pikazari mendilerroan zehar; eskuinekoa, Bidarraira itzultzeko
da. Guk ertzetik jarraituko dugu, gatozen bidetik, bidezidor batean barna,
gero eta aldapatsuago, hegoalderantz, eta borda erori batera iritsiko
gara; handik aurrera ez dago bidezidorrik; harrikozkor artean igo beharko
dugu lehenengo gailurreraino, 544 metrora: Pagaldeko Pareta.
Haitzaren ertza ikusiko
dugu, eta lurra bustirik baldin badago hobe ez handik jarraitzea. Aurrera
egiten badugu, hala ere, erraz aurkituko ditugu pasabideak, arazorik gabe.
Ezkerretara belaze maldatsuak ikusiko ditugu, eta eskuinetara harriak;
ertzean zehar jarraituko dugu Harretxe gainera iritsi arte, 625 metrora;
han borda bat dago. Pikazari (466 metro) mendilerrotik bide bat dator
haraino, Bidarraitik edo Arrosatik abiatuta. Belazean zehar jarraituko
dugu; bidea markaturik dago belar artean. Borda erori batzuen ondotik
igarota, Larla gaina joko dugu; harri-pila bat ikusiko dugu bertan.
|
| pLARLA |
Altuera : 700m |
Distantzia : 4,2Km |
Ordutegia : 1h30m |
|
Bigarren mailako gailurra da, baina
Iparlako harresiak eta Errobiko mendiak ikusteko leku aproposa da. Urrunago,
Irati eta Arbailleta gainak ikusten dira. Behean, berriz, Bastida eta
Urdozen barna Baigorrira iristen den harana.
Belazean zehar jaitsiko
gara hego-ekialderantz, hurrengo mendilerroraino; han eskuinetatik datorren
gurdibide bat ikusiko dugu (Larlaren gerrian zehar). Han behera joan,
haraneko ikuspegi ederrari begira, gaina ezkerrera utziz. Harotzain mendilerrora
iristean, borda bat ikusiko dugu; bidea ekialdera doa, haranerantz; guk
gainari helduko diogu, han gertuko tumulu bateraino: Larrango (579 metro)
gaina da; gazteluzahar baten hondakinak daude bertan; han babesten ziren
pertsonak eta artaldeak, lur haiek hartzera edo lapurretara zetozenengandik.
Gainik gain belazean zehar jarraitu, eta aurreraxeago beste gazteluzahar
baten hondakinak ikusiko ditugu Urzilo gainean. Bi gotorleku horiek Euskal
Herriko interesgarrienetarikoak omen dira.
|
| p URZILO |
Altuera : 566m |
Distantzia : 6,4Km |
Ordutegia : 2h10m |
|
Larla gaineko izkina batean dago gailur hori, Jarra gailurrari
begira; gero hara igo behar dugu. Behean, Aldudeko Errobia ibaiak osaturiko
harana dago; Aldudes haran osoa igaro eta Baigorriraino iristen da, Errobi
ibaiarekin bat egitera. Bi gainetan eraikitako gotorlekuek zaintzen zituzten
haraneko mugimendu guztiak.
Gailurretik hurbil antena bat ipintzeko egina
dagoen pista hartu eta jaitsiko gara. Lehen bihurgunea baino pixka bat
lehenago, eskuinera jo behar dugu, belazean eginiko bidezidor batean barna,
gainik gain, ehiztarien ehizaleku batzuetaraino jaitsiz. Batzuetan ez
da erraza bidezidorra ikustea, baina gaina bistan dugula, gerrian zehar
jaitsi gaitezke hegoalderantz, pista batera iritsi arte; han ehiztarientzat
prestaturiko karabana bat dago. Nola arraio igo ote dute haraino?
Aldapa malkartsuan barna jaitsiko gara; ezkerrera
jo eta beste pista egokiago batera iritsiko gara. Sigi-saga jarraitu,
eta errepide batera helduko gara; behera jo, eta D948 errepide nagusira
eramango gaitu. Errepidean aurrera egin 600 bat metroan hegoalderantz,
Baigorrirantz, eta Eiheralde auzora iritsiko gara. Auzoa zeharkatu, eta
irteeran arrain-haztegi bat ikusiko dugu ezkerretara. Jaitsi, eta ibaia
zeharkatzeko zubi bat aurkituko dugu.
|
| l EIHERALDE |
Altuera : 140m |
Distantzia : 10,1Km |
Ordutegia : 3h00m |
|
Baigorriko
auzoa da; Urdozera eta Bastidara igotzen den errepidera doan haranaren
buruan dago; gero, bide hori Bidarrairaino doa, Gastigar mendatea igarota.
Ibaia zeharkatuta, Jarran gora abiatuko gara;
670 metro ditu, eta errespetua jartzen du. Bide asfaltozkoan barna 300
bat metro joango gara, eskuinera, lur
eta harrizko pista batekin topo egin arte; ezkerretara doa, aldapa gogorrez.
Arnasa sakon hartu eta Jarra igotzen hasiko gara; goraxeago pistak beste
batekin egiten du topo, gure eskuinetara (Otikoren auzotik dator, arrasto
horiekin). Haien atzetik, ezkerrera joko dugu, mahasti baten ertzetik.
Gora jarraitu eta, zenbait bihurguneren ondoren, belarrez estalitako pistak
aurrera egiten du; hura hartu, arrasto horiei jarraituz, eta aldapa betean
baso batera helduko gara. Beti gora eginez, basotik irten, eta azken igoera
agertuko zaigu; handik, Iratzelaiko mendilerroan zehar joango gara, Jarra
gailurrerantz. Bat-batean beste isurialdeko malda belartsuak agertuko
zaizkigu begien aurrean, Letxukohegia, Ortzaizeko harana, eta aurrez aurre
Baigura eta Haltzako gailurrak. Bizkar belazetsuan barna jarraitu eskuinera,
eta Jarra gailurreraino iritsiko gara.
|
| p JARRA |
Altuera : 811m |
Distantzia : 15,2Km |
Ordutegia : 4h40m |
|
 Gailur bakartia, haran sakonez
inguratua, gerri malkartsuekin, batik bat ipar eta ipar-ekialdean. Bertan
eraikuntzak eta antenak egonik ere, oso gailur interesgarria da. Hegoaldera,
Baigorri eta Garazi Irulegin barna lotzen dituen harana ikusten da. Isurialde
hori mahastiz beterik dago, eta erromatarren garaitik egiten omen dute
ardoa bertan; gaur egun oso ospetsua da Frantzia guztian Irulegi jatorri-deiturarekin.
Atzerago Auza eta Adartza gailurrak ageri dira, Aldude haranaren sarrera
mugatuz. Ezkerrerago Donibane Garazi ikusten dugu y harago Irati eta Arbailletako
mendiak, Behorlegi gailurrarekin, Iparraldeko Txindoki balitz bezala.
Mendebaldera begiratuta, egin dugun bidea ikusiko dugu, Iparlako harresiak
urrun samar direla; iparraldera ez da ia itsasertzik ikusten, Artzamendi
eta Baiguraren tartean itsaso zati bat besterik ez.
Mendebalderantz
jaitsiko gara, asfaltozko bidean pixka batean, eta pista bat hartuko dugu
ezkerrera, bihurgune bat eginez, berriro errepidera irteteko. Erdibidean
belazean zehar abiatuko gara, bidea mozteko, aurreko mendi multzoan berriro
ageri baita bidea. Hara iritsita, bideak ezkerrera egiten du, baso batean
sartzeko. Guk bihurgunearen aurrez aurre dagoen pista bat hartuko dugu;
han Azkaraterako bidea seinalatzen duten zutabeak ikusiko ditugu; 300
bat metrora, pistak eskuinera egiten du; hura utzi eta artzain lurretan
sartuko gara. Muinoan gainik gain jarraituko dugu, beste alderaino joan,
hesiaren gainetik igaro eta bidezidor malkartsu bat aurkituko dugu Artxuitako
mendilerrora jaisteko; zenbait baserri ikusiko ditugu. Errepidera iritsi,
ezkerrera igo, eta mendilerrora iritsiko gara; beste errepide batek zeharkatzen
du. Eskuinaldera jo, Azkaratera doazen arrastoei jarraituz kilometro batean
edo, eta bihurgune batean ezkerrera doan bide bat ikusiko dugu, arrastoz
seinalatua. Handik barna, bidegurutze guztietan beti eskuineko bidea hartuz,
Apelxenia baserriraino iritsiko gara, Azkarate herritik hurbil. Errepidean
aurrera jarraitu, eta herri erdiraino helduko gara; hura zeharkatu, eta,
D15 errepidera iristean, ezkerrera bidezidor bat hartuko dugu, eta handik
zuzenean Uharte-Garazi herrira joango gara. Hura ere zeharkatu eta Donibane
Garaziko atarian gaude.
|
| l DONIBANE GARAZI |
Altuera : 159m |
Distantzia : 22,6Km |
Ordutegia : 6h30m |
|
Donibane Garazi izango da gure hiribururik txikiena, eta aldi
berean ederrenetakoa. Hiria muino aldera begira dago, eta han gotorleku
militar bat dauka. Kaleak estuak eta aldapatsuak dira, harriz eginak,
Erdi Aroko itxurari eutsiz. Hirira sartzeko ate guztiak, etxeak, e liza,
gure historiaren zati baten gordailu dira. Antzinatik ezaguna den Pirinioetako
igarobide baten aurrez aurre egonik, historia gorabeheratsua izan du.
VIII. Mendean egin zioten harresia, eta Nafarroako erresumaren mende egon
zen, mendiz haratagoko lurren hiriburu izanik. Estrategia aldetik hain
garrantzitsua zenez, XVI. mendean Gaztelako eta Nafarroako erresumen mende
egon zen. Historiako une lazgarrienetako bat XIV. mendean izan zuen, zisma
bat gertatu baitzen; Erromako Aita Santuak Baionako Gotzaina besterik
onartzen ez zuenean, Garazin Avignoneko Gotzainaren egoitza ipini zuten;
oraindik ere han dago Gotzainen Etxeko museoa, eta haren ondoan Gotzainen
Espetxea.
Hiriaren beste alde interesgarri bat da Santiobidean egotea da, Ostabatetik
Orreaga doan bidean; zati handi batean erromatarren galtzada dauka gainera.
Garazitik abiatzen dira askotan erromesak Santiobidea egitera; aterpetxe
eta harrera-etxeak ugari dira.
Garaziren postalik ohikoena da Errobi gaineko zubi erromatarrarena,
orobat elizarena, gotorlekuarena eta etxe zaharrena, balkoi koloretsuak
ibai gainera dituztela.
|